Perretxiko ohikoenetako genero garrantzitsuenen ezaugarriak hartuko ditugu hizpide; hartara, perretxikoren bat topatzen dugunean, zehatz-mehatz zein perretxiko den jakitea zail gertatzen bazaigu ere, gutxi gorabehera zein generotakoa den jakin ahal izango dugu, eta horretan oinarrituta, mikologiari buruzko liburu berezituetan topatzen saiatu. Ordena alfabetikoari jarraituko diogu, bilaketak errazago egin ahal izateko.
genero honetan, espezie haragitsuak dira gehienak, lurrekoak guztiak, eta, maizenik, zelaietan, larreetan eta belardietan egoten dira; zenbait espezie basoan ere aurki ditzakegu. Oro har, zurixkak izaten dira, eta txanpinoi izenaz ezagutzen ditu jendeak. Heterogeneoak dira, alegia, hanka eta txapela erraz bereizten dira; esporak, onduta daudenean, kolore beltzezka hartzen dute, eta kolore hori bera hartzen dute orriek (gaztetan arrosa edo izokin kolorekoak). Txapela itxita edukitzen dute gaztetan; hankak sendoak izan ohi dira, eta eraztuna edukitzen dute (zenbaitetan bikoitza), batzutan bestetan baino iraunkorragoa. Haragia zuria da, eta ñabardura gorrixkak edo horixkak hartzen ditu sarri. Gehienetan perretxiko jangarriak dira, Xanthoderma taldekoak salbu, azken horiek astunak edo apur bat toxikoak baitira.
lurreko perretxiko haragitsu hauetako bat bera ere ez da egurtarra. Heterogeneoak dira (hanka eta txapela aise bereizten dira), eta kutikula bereizgarria dute, gehienetan likatsu samarra. Errezel nagusiaren hondarrak orri modura geratzen zaizkie txapelean; hanka nagusiaren oinarrian koskoa izaten dute, baita eraztuna ere –Amanitopsis azpigeneroan izan ezik. Espora zuriak. Perretxiko toxikoenak genero honetakoak dira. Hona Amanita jangarri preziatuenak: Amanita caesarea, A. rubescens, A. ponderosa, etab. Amanita toxiko hilgarriak: A. phalloides, A. verna, A. virosa. Amaita oso toxikoak: A. pantherina, A. muscaria.
Boletus generoko perretxikoak haragitsuak dira; himenioan orriak beharrean tutuak dituzte, eta tutu horiek poroak dituzte amaieran. Poroak biribil itxurakoak izaten dira (batzuetan bestetan baino gehiago), eta horietatik erortzen dira espora onduak. Txapela hemisferikoa izaten da, ganbila, eta bukaera aldea zabalagoa. Boletus generoko perretxikoen hanka zentrala da, eta eraztuna izan dezake zein ez. Zenbait hankak erretikulua dute, eta, beste batzuek pikortak, zain nabarmenak edo ezkata itxurako maluta ilunagoak. Haragia usteldu egin daiteke, eta kasu askotan, airearekin ukipenean dagoenean, kolore urdina (hainbat intentsitatetakoa) hartzen du; zenbait Boletusetan, tonu gris edo arrosa hartzen du. Boletusak, oro har, perretxiko sinbionteak dira (salbuespen dira B. parasiticus y B. Lignicola). Mikorrizak osatzen dituzte zuhaitz eta zuhaixkekin; basorako garrantzi bizikoak dira, beraz. Boletus batzuk hainbat zuhaitz espezierekin mikorrizatzen dira; beste batzuk, berriz, bakar batekin. Boletus generoko ehunka perretxiko mota dago Europan, eta horietako gehienak jangarriak dira, nahiz eta bakar batzuk astun edo toxiko samarrak izan. Kalitate handiko Boletus jangarriak: B. edulis, B. aereus, B. reticulatus, B. pinicola, B. appendiculatus, B. regius, B. badius, B. erythropus, etab. Boletus astun edo toxiko samarrak (gordinik batik bat): B. satanas, B. purpureus, B. lupinus, B. rhodopurpureus, B. rhodoxanthus, etab.
Espezie gutxi batzuek osatzen dute; horietako bat bera ere ez da toxikoa, eta baten bat goxoa da. Genero honetako perretxikoek kopa edo tronpeta forma dute, eta txapelaren azpian orriak eduki beharrean, tolesturak dituzte (batzuetan oso markatuak eta beste batzuetan ez), eta zenbaitetan orri itxura dute bete-betean tolesturek. Zenbait perretxiko oso haragitsuak izaten dira; beste batzuk, berriz, larrukarak. Guztiek dute fruta zapore nahiz usain goxoa.
Hona genero honetako perretxiko garrantzitsuenak: C. cibarius, C. lutescens,
C. cornucopioides, C. cinereus, etab.
Perretxiko ugari dira genero honetakoak, eta zaila izaten da horien sailkapena egitea. Antzeko kolorea izaten dute: zurixkak edo grisaxkak, gehien bat, nahiz eta bakar batzuk kolore bizikoak izan. Txapela ganbila izaten da hasieran, eta inbutu itxurakoa amaiera aldean. Kutikula, gehienetan, ezin da bereizi, eta orri dekurrenteak izaten dituzte. Genero honetako perretxiko gehienak lurrekoak dira; asko jangarriak eta goxoak dira; beste batzuk, ordea, nahiko toxikoak izaten dira. Hona Clitocybes jangarriak: C. alexandrii, C. geotropa, C. nebularis, etab. Clitocybes toxikoak, berriz: C. rivulosa, C. dealbata, C. cerussata.
perretxiko mota gutxi batzuek osatzen dute; horietako bakar bat ere ez da toxikoa, aitzitik, zenbait jangarriak eta goxoak dira. Homogeneoak dira (txapela eta hanka ezin dira bereizi), txapel irregularrekoak eta orri dekurrentekoak. Kolore arrosako esporak dituzte, eta irin usaina gehienetan. Bi espezie jangarri eta goxo besterik ez dira aipagarri: C. prunulus (errotaria) eta C. truncatus (orain Rhodocybe generoan).
salbuespenak salbuespen tamaina txiki edo ertaineko espezie ugari dira genero honetakoak; txapel laua dute, eta hanka kartilaginosoa edo elastikoa, Marasmius generokoen antzekoa. Lurrekoak edo egurtarrak dira, eta zenbait espezie deskonposizioan dauden onddoetan, pinaburuetan, etab.etan ager daitezke. Ez dago espezie toxikorik, baina gehienek ez dute sukaldaritzarako balio.
Collybia arruntenak: C. dryophila, C. fusipes, C. asema, C. butyracea,
C. maculata, etab.
Esta formado por numerosas especies de tamaño pequeño o mediano que pueden ser terrícolas, lignícolas o fimícolas. La mayoría de los Coprinus son delicuescentes, las láminas se ponen negras al madurar las esporas acabando por transformarse en un líquido negruzco. Las láminas suelen ser libres y el pie lleva un anillo que puede ser fugaz. Existe algún Coprinus tóxico como el C. atramentarius pero solo si se consume con alcohol y solo uno es buen comestible, el C. comatus (urbeltz, barbuda). Coprinus más comunes: C. comatus, C. atramentarius, C. micaceus, C. desseminatus, C. niveus, etc..
Cortinarius generoak espezie ugari ditu, eta zaila izaten da elkarrengandik bereiztea. Seguruenik, espezie gehien gain hartzen dituen generoa da –1.000tik gora, zenbait mikologoren arabera– baita espezieak sailkatzeko zailtasun handiena ematen duena ere. Genero honetako perretxikoak haragitsuak eta lurrekoak dira, eta errotik aldatzen zaie itxura gaztarotik helduarora. Ale gazteek izaten duten gortinari zor dio genero honek bere izena. Gortina hori armiarma-sarearen itxurako errezel orokorraren hondarrak dira, eta perretxikoa zahartu ahala desagertzen doa, hankaren erdialdean eraztun edo marka zikin antzeko bat sortuta. Esporak okre kolorekoak dira –orriek ondu ahala hartzen duten kolorekoak, hain zuzen. Cortinarius generoko perretxikoak basoan bizi ohi dira, eta espezie jangarri bakarra da preziatua, C. Praestans, hain zuzen. Aitzitik, espezie toxiko ugari dago, eta zenbait hilgarriak ere badira; horrenbestez, genero honetako espezierik ez hartzea da onena.
Cortinarius jangarriak: C. praestans, C . cumatilis, C. largus.
Cortinarius pozoitsuak: C. orellanus (hilgarria), C. splendens, C. phoeniceus
(hilgarria), C. semisanguineus, C. sanguineus, etab.
tamaina ertain edo handiko espezie homogeneoz osatuta dago. Haragitsuak dira gehienak, eta txapelen ertzak kiribilduta izaten dituzte gaztetan; hanka, oro har, haragitsua (zenbait kasutan ahula), orriak muxarratuak eta kolore arrosako esporak (beraz, orriek ere kolore bera hartuko dute ondutakoan). Ez dago Entoloma generoko espezieen artean jatea merezi duenik; bai, ordea, toxikorik. Genero honen barruan E. Lividum mota dago, eta espezie horrexek eragiten ditu Euskal Herriko pozoiduren % 90. Zorionez, perretxiko hori ez da udaberrian ateratzen, gaztetan Calocybe gambosa (perretxiko) espeziearekin antz ikaragarria baitu (baita usainean ere) eta azken horri estimu handia baitzaio gure artean.
Entolomas arruntenak: E. lividum, E. vernum, E. rhodopolium, E. clypeatum,
etab.
genero honek espezie gutxi ditu, eta aise identifika daitezke, himenioan eztenak dituztelako, orriak edo tutuak izan beharrean. Lurreko perretxikoak dira, eta euren haragi zuria gogortxoa izaten da. Genero honetako espezie adierazgarriena eta goxoena H. Repandum (tripakia) da, oso ezaguna gure inguruan, eta maiz jasotzen dena.
tamaina ertain eta handiko espezieak gain hartzen ditu, eta argizari itxurako orriak dira generoaren ezaugarri nagusia. Orriak, gehienetan, dekurrenteak dira, nahiz eta zenbait espezietan aske egon. Perretxiko hauek udazkenean eta neguan ateratzen dira, zelaietan nahiz basoan. Bakar bat ere toxikoa ez den arren, bada talde honetan perretxiko susmagarririk (H. nigrescens adibidez), eta gehienak jangarriak dira. Ustelkorrak dira eta kolore bizikoak, oro har (salbuespen batzuk kolore zuri edo grisekoak izaten dira).
Espezie garrantzitsuenak: H. marzuolus, H. pratensis, H. poetarum, H. eburneus,
H. limacinus, H. nemoreus, etab.
300 espezietik gora ditu, eta zaila gertatzen da horien sailkapena egitea. Izan ere, genero honetako espezieak egoki sailkatu ahal izateko, mikroskopioa erabili behar da, kanpoaldetik, bai formaz bai kolorez, oso antzekoak baitira. Tamaina ertain edo txikiko perretxikoak dira; txapela, normalean, konikoa dute, eta modu erradialean zartatzen da; gainazal lehor eta zuntzezkatsua dute; euren hankak ez darama eraztunik, nahiz eta batzuetan gortina-hondarrak eduki; askotan erraboila dute amaieran. Okre antzeko koloreak dituzte, oro har; espezie batzuk, dena den, zuriak, arrosak edo lilaxkak dira. Lurreko perretxikoak dira; okre koloreko esporak dituzte, eta bakar bat ere ez da jangarria, bai ordea toxikoa. Are gehiago, espezieren bat edo beste hilgarria izan daiteke, adibidez I. patoullardii perretxikoa.
Espezie arruntenak: I. asterospora, I. patoullardii, I. geophylla, I. fastigiata,
I. maculata, etab.
150 espezie inguru ditu, eta, izenak adierazten duen legez, perretxiko hauek hausterakoan latexa edo esnea jariatzen dute zeluletatik; bada, zelula horiek biribilduak dira, eta latexa joan-etorrian ibiltzen da perretxikoak barnean dituen hodietatik. Genero hau, Russula generoarekin batera, Russulacea familiako kidea da, eta genero horren antzeko ezaugarriak ditu, latexa izan ezik (Ruussulek ez dute halakorik). Lactarius generoko perretxikoen txapelak –salbuespenak salbuespen– kolore motelak eta zirkulu zentrokideak izaten ditu –batzuetan bestetan baino markatuagoak. Orrien formak gorabeherak izaten ditu. Orriek lamelulak dituzte, eta, oro har, kolore zurixka edo krematsukoak izaten dira. Hanka zilindrikoa da, eraztun gabea, zentrala eta txapelaren antzeko kolorekoa; batzuetan hobixkak izaten ditu (eskrobikulak). Perretxiko hauek lurrekoak dira, eta basoan bizi dira, hainbat zuhaitzekin sinbiosian. Lactarius jangarri gutxi dira goxoak; toxiko bat dago L. torminosus (esnegorri faltsua), eta beste zenbait digeritzeko astunak dira.
Hona Lactarius jangarri ohikoenak: L. deliciosus (esnegorria), L. sanguifluus, L. semisanguifluus, L. quieticolor, L. vellereus, L. salmonicolor, etab.
Lactarius toxikoak: Lactarius torminosus.
txapeleko ezkatak dira genero honetako ezaugarri nagusia. Ezkata horiek iraunkorrak dira (ez dira euriarekin desagertzen). Txapelak, berriz, lehorrak dira; orriak aske izaten ditu, eta hankak eraztuna dauka (batzuetan oinetik limur daiteke, hautsi gabe); koskorik ez badu ere, gerta liteke hanka oinarrian loditzea eta erraboila sortzea. Gehienetan espora zuriak dituzte, eta espezie toxiko ugari dago; horietako batzuk hilgarriak. Horregatik, arreta-neurri modura, Lepiota generoko perretxiko txiki guztiak bazter utzi behar ditugu. Garai batean, tamaina handiko Lepiota perretxiko guztiak jangarriak zirela esaten zen; baina bada bat, Macrolepiota venenata, toxiko edo astun samarra.
Lepiota jangarriak: L. procera (galanperna), L. rhacodes, L. excoriata, L. gracilenta, L. mastoidea, etab.
Lepiota hilgarriak: L. brunneo-incarnata, L. helveola, L. castanea, L. josserandii, etab.
Lepiota pozoitsuak: L. acutesquamosa, L. cristata, L. felina, etab.
genero honen izenak “pedo de lobo” esan nahi du gaztelaniaz; euskaraz, berriz, astaputz izenaz ezagutzen dira genero honetako espezie gehientsuenak. Karpoforoek madari edo bonbilla forma dute; kanpoaldean, bilgarria daramate, laua ala ezten nahiz garatxoekin apainduta. Esporak ontzen direnean, garatxo edo eztenak ireki egiten dira zulo edo pitzadura batetik, eta bertatik ateratzen dira esporak. Ez da espezie toxikorik ezagutzen, eta batzuk jangarriak dira gaztetan.
Espezie arruntenak: L. perlatum, L. molle, L. piriforme, L. umbrinum, etab.
Marasmius generoaren barnean, landare belarkarekin edo landare-hondarrekin harremanetan bizi diren tamaina txikiko perretxiko ugari dago. Genero honetako perretxikoak ez dira usteltzen; lehortu egin daitezke, baina bustitakoan, berriz ere berreskuratzen dute ohiko itxura. Txapel txikia dute, orri askeak eta hanka zentral, luze eta argala, tortsioa jasateko gai dena. Espezie askok berakatz eta almendra mingots usaina dute. M. Oreades (hankaluzea) da jateko moduko bakarra; bikaina da, perretxiko jangarri onenetarikoa, txikia izan arren. Genero honetan ez dago espezie toxikorik.
Marasmius arruntenak: M. oreades, M. alliaceus, M. rotula, M. confluens,
etab.
Genero honen izenak “zuri-beltza” esan nahi du; izan ere, orriak zuri ditu, eta txapela, berriz, beltza edo iluna, batik bat M. Melaleuca perretxikoak. Tamaina ertain edo handiko perretxikoak dira; txapel titiduna dute, haragitsua erdialdean eta mehea ertzetan. Orri muxarratuak ditu eta hanka haritsua, luzetara ildaskatua. Ez dago Melanoleuca toxikorik, eta gehienak jangarriak dira.
Melanoleucas arruntenak: M. grammopodia, M. cognata, M. melaleuca, M. evenosa,
etab.
Ascomycetes klaseari dagokio eta klase horretako generorik garrantzitsuena da, gastronomiaren ikuspuntutik; izan ere, substantzia homolixina termolabil baten eraginez gordinik espezie guztiak toxikoak diren arren, substantzia hori 60 ºC-tan desegin egiten da, eta tenperatura horretatik gora jangarriak dira. Morchella perretxikoek erlauntza itxurako txapela dute; bertan, gelaxka luzexkak izaten dituzte (sakonagoak edo azalekoagoak), eta txapelari eusten dion hankak txapelaren antzeko tamaina du. Perretxikoen kolore-sorta krematik gris ilunera doa, eta, zenbait mikologoren ustez, hogeita hamarren bat espezie omen dago; beste batzuk, aldiz, dozena erdi direla diote, eta, azken horien iritziz, gainerakoak 6 espezie horren barietate hutsak dira. Udaberrian irteten dira, errekastoko zuhaitzen, koniferen, etab.en inguruan. Gure inguruan, ez dago perretxiko hauek jasotzeko ohiturarik; beste zenbait lekutan, aldiz, Katalunian adibidez, estimu handitan dituzte.
Morchella arruntenak: M. Vulgaris, M. Conica, M. Costata, M. Elata, M.
Rotunda, etab.
Coprinus generoaren antzekoa da; espezie gutxi batzuk gain hartzen ditu (hogeiren bat), eta horietako asko fimikolak edo goroztarrak dira, alegia, animalien gorotzetan bizi dira. Tamaina ertain edo txikiko perretxikoak dira; txapela ezkila formakoa edo hemiesferikoa dute, batzuetan oxkarduna; hanka argal eta liraina; espezie batzuetan eraztun galkorra, eta orriak gris-beltzezkak. Ez dago espezie jangarririk, eta batzuk haluzinagarriak dira, batik bat, Panaeolus sphinctrinus perretxikoa.
Panaeolus arruntenak: P. sphinctrinus (zoroen perretxikoa), P. semiovatus,
P. campanulatus, etab.
Ascomycetes klaseari dagokion genero honetako espeziak hankarik gabeko edo oinarrizko hanka labur-laburreko kopa itxura dute; txiki edo ertainak dira, eta barrualdean hainbat koloretakoak izan daitezke; kanpoaldean, berriz argiak. Udaberrian irteten dira gehien, eta leku ugaritan topa ditzakegu: egurretan, lurrean, gorotzetan eta kasu zehatz batzuetan (Peziza cerea perretxikoaren kasuan) porlanetan edo harresietan.
Espezie arruntenak: P. cerea, P. repanda, P. vesiculosa, P. badia, etab.
genero honetako espezieek zelula biribilduak (esferozistoak) dituzte, Lactarius generokoek bezala, baina honako hauek ez dute latexik, eta haragia hauskorra dute, klarionaren antzera. Generoak espezie ugari hartzen ditu aintzat (350 inguru), eta zaila gertatzen da horiek identifikatzea, nahiz eta perretxikoa Russula dela hautematea erraza izan. Russula perretxikoek kolore biziak izaten dituzte oro har, generoko talde jakin batzuek izan ezik. Kolore biziko Russula perretxiko batzuk kolore uniformekoak izaten dira; beste batzuek, berriz, kolore bat baino gehiago izaten dute, eta euriarekin nahasi egin daitezke; horrexegatik, zenbait Rususla gorri, more... nekez sailka daitezke. Orriak itsatsita edo aske egon daitezke, eta batzuek lamelulak edukitzen dituzte, Lactarius-ek baino gutxiago izan arren. Russulek hankan ez dute ez eraztunik ez koskorik, eta orrien kolorea aldatu egiten da zuritik horiztara, tarteko tonu guztiak barne. Russula perretxikoek hainbat zapore izan ditzakete: gozoa, garratza, geza edo mikatza. Oro har, minak ez diren Russula perretxikoak jangarriak direla esan badaiteke ere, dirudienez, R. Olivácea perretxikoa –zaporez gozoa– gordinik edo asko egin gabe janez gero, urdaileko arazoak eragin ditzake. Dena den, ez dago Russula toxikorik; askoz jota, R. emetica taldekoek urdaileko arazoren bat eragin dezakete. Russula guztiak lurrekoak dira eta, hainbat zuhaitzen sinbionteak izanik, funtsezko zeregina betetzen dute basoetan; zaindu egin behar ditugu beraz, eta harrak jotako edo kaltetutako aleak ez jaso. Russula perretxiko jangarri asko dago, horietako zenbait bikainak dira, eta estimu handia zaie gure inguruan.
Russula jangarri garrantzitsuenak: R. virescens (gibelurdina), R. cyanoxhanta
(urretxa), R. vesca, R. heterophylla, R. parazurea, etab.
Lycoperdon generoaren antzekoa da, baina, izenak berak aditzera ematen duenez, kanpoaldeko azala oso gogorra da –Lycoperdon generokoena ez bezala– eta ezkatak izaten ditu apaingarri (batzuetan oso markatuak beste batzuetan gutxiago); karpoforoek, bestalde, tuberkulu forma dute, eta oinarrian mizelioa daramate, zenbaitetan ugari. Ez dago espezie jangarririk genero honetan, eta espezieren batek edo bestek kalteak eragin ditzake.
Genero honetako espezie arruntenak: S. aurantium, S. verrucosum, S. areolatum,
S. geaster, etab.
genero honetako espezie guztiek txapelaren behealdea laua dute, eta hankarik ez. Ez dute ez orririk ez porurik, eta ertz izurtuko maskor itxura dute. Larrukarak eta goroztarrak dira; hildako zuhaitzen adarretan edo enborretan irteten dira, modu teilakatuan edo mordo gainjarriak osatuz. Sukaldaritzarako ez dute baliorik oso gogorrak direlako eta haragirik ez dutelako.
Espezie arruntenak: S. hirsutum, S. insignitum, S. sanguinolentum, S. rugosum,
etab.
Mikologian, genero garrantzitsuenetarikoa da, bai espezie-kopuruari begira bai espezie jangarrien ugaritasunari begira. Genero honetako perretxikoak ertainak edo handiak dira, haragitsuak eta homogeneoak; hanka zentrala ere haragitsua izaten dute; ez dute ez gortinarik ez koskorik, eta bakar batzuek daramate eraztuna. Orriak muxarratuak dira, eta esporak zuriak. Gehienetan, basoan bizia dira (salbuespenen bat izan ezik) eta lurrekoak dira, Tricholomopsis azpigenerokoak salbu, azken horiek goroztarrak baitira. Ez dago espezie hilgarririk, eta gutxi dira toxikoak; baina espezie asko ez dira jangarriak kiratsa baitarie eta mikatzak baitira.
Tricholomas jangarri nagusiak: T. portentosum, T. terreum (ziza arrea), T. scalpturatum, T. orirubens, T. columbetta, etab.
Tricholomas toxikoak: T. pardinum, T. sulphureum, T. groanense, T. josserandii, etab.
Berriki Bordeleko ospitale bateko ikerketa bat atera da argitara; eta,
horren arabera, T. equestre eta T. auratum (zaldun ziza) perretxikoek “rabdomiolisis”
izeneko gaixotasun arraro eta larria eragin dezakete, eta hilgarria gerta
daiteke. Gaiari buruzko ikerketa gehiagoren zain gaudela, perretxiko hau
ez jatea gomendatzen dugu, edo, behinik behin, kopuru handirik ez jatea;
izan ere, antza denez, denbora askoan edo kopuru handitan janez gero, errazago
ager daiteke gaixotasun hori. Agintarien arabera, ez da komeni astean 100
g. baino gehiago jatea.
Volvaria generoak espezie gutxi ditu (hogeiren bat), eta horiek guztiek hankaren oinarrian duten koskoari (volva gaztelaniaz) zor diote izena. Amanita generokoek ez bezala ez dute eraztunik, eta esporak nahiz orriak arrosak dira. Lurrekoak, goroztarrak eta parasitoak izan daitezke –V. Loveiana perretxikoak bezalaxe–, eta bakar bat ere ez da toxikoa. Volvaria perretxiko batzuk hazi egiten dira, hala nola, V. Bombycina eta V. Volvacea.