Perretxikoen eta onddoen arteko aldea zein den galdetzen dute maiz perretxiko-zaleek. Perretxikoek txapelaren azpian orriak dituztela eta onddoek, berriz, poroak (belakia) dituztela dioen ustea gure inguruan aski zabalduta dagoen arren, akats handia da hori, baina entzunaren entzunaz, perretxikoen herri-izenekin gertatzen den bezalaxe, okerreko ustea lege bilakatu da perretxiko-zaleen artean.
Azalpen teknikoegietan sartu gabe, honela bereiz ditzakegu bata eta bestea: perretxikoa fruitua da eta onddoa, aldiz, zuhaitza. Perretxikoa gorputz fruitu-ekarlea edo “karpoforoa” da, eta barnean gordetzen dituen esporak ontzen direnean, askatu egiten ditu. Ondoren, espora bakoitza baldintza jakinetan ernamuinduta eta beste batekin elkartuta, beste perretxiko bat sortuko dute. “Onddoa” aldiz, gorputz begetatiboa edo “mizelioa” da, eta “hifa” deituriko harizpi-mordoilo batez osaturik dago; harizpi horiek, sarritan, iletxoen edo errotxo meharren itxura dute, gehienetan zuriak edo horiak.
Onddoa izaki bitxia da; antzina begetaltzat jotzen bazen ere (likenetatik eta algetatik hurbil), nola elikatzen den aintzat hartuta eta klorofilarik ez duela kontuan izanda, animalien erreinutik gertuago dagoela esan daiteke. Gaur egun, aparteko erreinu batean sailkatu dute: Fungien edo Onddoen erreinuan, hain zuzen ere.
ELIKADURA-MOTAK.
.- Onddoek eta perretxikoek gizakiaren jakin-mina piztu izan dute beti;
aspaldiko garaietatik harrituta eta txundituta utzi gaituzte izaki berezi
hauek; izan ere, noiznahi eta zenbanahi ateratzen dira; oso bizi iragankorra
dute, eta agertutako modu berean desagertzen dira. Onddoen munduari lotuta
ageri zaizkigu dragoiak, narrastiak, gnomoak, ninfak eta naturaz gaindiko
beste hainbat izaki, baita tximista-ekaitzak, ilargia, etab. ere. Mundu
osoko kondairen nahiz ohituren partaide dira; halaxe erakuste dute zenbait
perretxikoren izen arruntek: “astaputza”, “satan onddoa”, “zapo perretxikoa”
“zaldun ziza”, etab.
Gaur egun, oraindik ere, organismo horien hainbat alderdi ilunak gertatzen bazaizkigu ere, badakigu, esate baterako, nola elikatzen diren. Perretxikoek, landareek ez bezala, klorofilarik ez dutenez, ezin dituzte elikagaiak sintetizatu, eta, beraz, elikagaia aldez aurretik fabrikatuta hartu behar dute, beste organismo batzuetatik –animalia nahiz landareetatik– aterata. Elikagaia lortzeko moduaren arabera hiru sailetan sailka daitezke onddoak: parasitoak, saprofitoak eta sinbionte edo sinbiotikoak.
ONDDO PARASITOAK..- Organismo biziez elikatzen dira, haiei
trukean ezer eman gabe; are gehiago, maizenik, onddoek organismo horiek
hil egingo dituzte, elikatu ahal izateko. Onddo parasito horietako gehienak
oportunistak dira, eta, landare ostalaria ahul edo gaixo dagoenean, haren
organismoaz jabetzen dira. Talde honetakoak dira, besteak beste: “Armillaria
mellea” (haritzetan, pagoetan eta antzeko zuhaitzetan parasitatzen du) “Boletus
parasiticus” (Scleroderma generoko beste onddo batean parasitatzen du) eta
“Cordyceps militaris” (lepidoptero baten –pinu-beldarraren– parasitoa da).
ONDDO SAPROFITOAK.- Hildako gai organikoan bizi dira. Basoetan
barra-barra ikusten dugu, eta hildako materialaren birziklatzaile bikainak
da; izan ere, landareak eta animaliak desintegratu egiten ditu, eta, hartara,
gero, bakteriek nahiz mikroorganismoek errazago eurengana ditzakete. Onddo
hauek funtseko zeregina dute naturan, lurra emankorrago bihurtu, eta basoetako
“humusa” eratzen laguntzen baitute. Zenbait onddok, lehenik, parasito gisa
dihardute, eta, ondoren, saprofito modura, landare ostalaria deseginda.
Onddo saprofitoen taldekoak dira, esaterako, bai “Coprinus comatus” (urbeltza)
bai “Clitocybe nebularis” (illarraka), eta, adibide berezi modura, “Asterophora
lycoperdoides” aipa dezakegu, deskonposizioan dagoen Russula onddo motan
bizi baita.
ONDDO SINBIONTE EDO SINBIOTIKOAK.- Sinbiosian, bi organismo
elkarri lotzen zaizkio, harreman hori bientzat delako onuragarria. Harreman
mota hau nahiko ohikoa da onddoetan; likenak, adibidez, onddoen eta algen
arteko elkarteak dira, eta, elkarte horri esker, muturreko tenperaturei
eta bizi-baldintza kaltegarriei aurre egiteko gai den organismoa sortzen
da. Guk jorratuko dugun sinbiosia mikorriza da, alegia, zenbait onddok landareekin
(gehienetan landare nagusiekin) duten harremana. Hala, esaterako, onddoek
zuhaitzekin sortzen dituzten mikorrizak izugarri garrantzitsuak dira batarentzat
nahiz bestearentzat. Sinbiosi horretan, konposatu organikoak (gatz mineralak)
zurgatzen laguntzen dio onddoak landareari, eta, onddoak, trukean, landareak
ematen dizkion konposatu organikoak –bere kabuz ezin eratu dituen konposatuak–
eskuratzen ditu. Harreman hori, beraz, ezinbestekoa da onddoarentzat eta,
askotan, baita zuhaitzentzat ere; bada, zuhaitz mikorrizatuek elikagai eskaseko
edo ur gutxiko lurretan heda daitezke, onddoaren mizelioak eragindako sustrai-sistemari
esker. Horrez gain, hobeto egiten diete aurre kanpoko eragile patogenoei
(bestelako onddoei, bakteriei, etab.). Laburbilduz, zuhaitzen eta onddoen
arteko harreman sinbiotikoa oso garrantzitsua da bai goi-mailako landareen
bai onddoen ziklo biologikorako; hala, besteak beste, baso-berritzeko prozesuetan
edota esparru idorrak eta lur andeatuak berreskuratzeko prozesuetan mikorrizak
erabiltzen dira, baita zuhaitzetako sustraien eragile patogenoen kontrako
kontrol biologikorako ere.
Horrenbestez, baso osasuntsuak eta landare sendoak nahi baditugu, mikorrizatu egiten diren onddoak behar ditugu zuhaitz-landareetan; ezinbestekoa da, beraz, onddoak nahiz basoak ondo zaintzea.
Azkenik, onddo mikorrizogenoek desagertzeko joera handiagoa dute, sinbiosian kide dituzten landareen biziraupenaren mende daudelako; eta onddo-mota honen barnean, landare-espezie jakin batekin mikorrizatzen direnak dute arrisku biziena, landare ostalari hori gabe ezin direlako garatu. “Gyrofon lividus” onddoaren eta “Alnus glutinosa” haltzaren arteko harremana dugu, esaterako, sinbiosi horren erakusgarri: haltza desagertuko balitz G. Lividus onddoa ere desagertu egingo litzateke, haltz mota horretan besterik ez baita mikorrizatzen. Aldiz, onddo zuri goxoa (Boletus edulis) hainbat zuhaitzekin mikorrizatzen da: pagoekin, haritzekin, pinuekin, izeiekin, altzifreekin, etab. Beraz, onddo mota hau gehiegitxo jasotzen badugu ere, onddoaren biziraupena ez dago arriskuan, landaredi guztia desagertzen ez den heinean.